Denboraren Naufrago

Testuak: Kirmen Uribe
Letrak: Iñaki Aurrekoetxea

Breakfast in Belfast

Esaten dute Jonathan Swift Belfasteko mendietan oinarritu zela bere Gulliverren bidaiak idazteko. Izan ere, esaten dute Belfasteko mendi batzuek etzanda dagoen erraldoi baten antza dutela. Bertan lurperatuta omen dago erraldoiren bat. Indusketak eginez gero, hantxe agertuko dela.

Baina kontu hori ez da soilik Irlandan kontatzen. Elezaharrak errepikatu egiten dira munduan zehar. Eta horrela, Altzan ere lurrazpian erraldoi bat dagoela esaten da, eta Aramaio eta Arrasate bitartean, berriz, herensugea.
Gauza horietaz guztietaz mintzatu ginen Belfasten, gosaltzen.

Albokaria

Umetan zoratu egiten gintuen soka-muturrak, zezenak horren gertutik ikusteak. Gauza asko ikasi genituen orduan. Lehena, txahalak eta behiak erabat desberdinak zirela soka-muturrean. Txahala ateratzen zenean, jendea ikaratu egiten zen bere itxurarekin, gihartsua zen, sendoa. Baina berehalaxe nekatzen zen. Behiak, aldiz, argalagoak izaten ziren, baina bizi-biziak ziren eta ez zuten amore ematen ostera ere kamioira sartzen zituzten arte. Herrexegatik, guk nahiago genituen behiak.

Ikasi genuen beste kontu bat zezen adarbakarrei buruz zen. Adarbakarren bat ateratzen zenean geure buruari galdetzen genion non galduko ote zuen adarra.

Umeok beti pentsatu izan dugu galdutako adar horiek albokak egiteko erabiltzen zituztela.

Ezkontza Behartua

Bart ezkontza izan da gure etxean
baina ez maite dudan neskatxarekin.
Laztana, hau utzi ta zurekin noa,
itsasbazterretan galduko gara.

Maite dut gauak hartzen nauenenan
ihiz ehundutako ohe batean
nire brandy botila buru azpian
eta dama ederra beso artean.

Ekialdean, mendebaldean
Corken, Dublinen, kaleetan barna
ez da nire, maitealakorik,
bihotza apurtu didan lilia.

Bart ezkontza izan da gure etxean
horrela behar zuen, hobe genuen
argitu du eguna, bakarrik gaude,
bazter batean ni, hura bestean.

Ekialdean, mendebaldean
Corken, Dublinen, kaleetan barna
ez da nire, maitealakorik,
bihotza apurtu didan lilia.

Lago di Como

Italiako etxeetan badago ohitura zahar bat. Udan oporretara joaten direnean eta etxea hutsik geratzen bada eltzetxo bat uzten dute jabeek etxe barruan. Eltzea sarreran uzten da eta eltze barruan txanpon batzuk uzten dira. Horrela, lapurrik sartzen bada dirua prest izango dute eltzetxoan eta ez dute kalterik egingo etxean.

Lago di Comori begira ordu luzez egon nintzen. Konturatu naiz, txanponak ez, baina begirada lapurtu zidala bere edertasunak.

Waltz for Bille

Maite zaitut, maite zaitut, maite zaitut idatzi zuen Federico Garcia Lorcak bere Vienako bals txikia izeneko poeman. Balsean egitean mundua biraka hasten da, aurretik inguru ezaguna genuena kolore bihurtzen da, soilik kolore. Eta beste mundu batzuk jaiotzen dira gure irudimenera.

Maite zaitut, maite zaitut, maite zaitut idatzi zuen Federico Garcia Lorcak bere Vienako bals txikian, nire ahoa utziko dut zure hankartean, eta nire arima argazkietan eta zitorietan.

Ezen maiteminduta zaudenean mundua birala hasten baita, eta dena bihurtzan da kolore, soilik kolore.

Chichén Itzá

Xabi Mexikora joatekoa zen Portugeleteko dantza taldearekin. Bidaia egiteko eguna heldu zenean baina egun berean azterketa bat jarri ziotela konturatu zen. Mexikora joan edo azterketa egin, horra zalantza. Azkenean ez zen Mexikora joan. Dena den, bertara joan ordez, Mexiko nolakoa izango den imajinatu eta kanta hauxe idatzi zuen.

Ez dakit azkenean azterketa gainditu ela suspenditu zuen. Mexiko imajinatzen, ordea, ezingo zuen nota hobeagorik etera.

BI-5382-CB

Furgoneta zaharraren matrikula. Bizipen ugari matrikula horren atzean. Behin, furgonetarekin bidean zihoala, doinu bat jaio zitzaion burura Xabierri. Doinua ahazteko beldurrez, furgoneta geratu eta etxera deitu zuen. Erantzungailuan utzi zuen grabatua doinua, aita-amen harridurarako.

Mikel Urdangarinek ere antzeko zerbait kontatu zidan behin. Berak ere erantzungailuan utzi zuen kanta. Ai, bestelakoa litzateke euskal musikaren historia erantzungailurik gabe.

Bossa Nostra

Vinicius de Moraes da Bossa Nova asmatu zuenetako bat. Vinicius kantaria eta poeta zen. Bere olerkietako batean hauxe idatzi zuen: nik ez nekien zer zen maitasuna; orain badakit, ez naizelako zoriontsu. Pentsatzen jarrita, maiteminagatik zoriontsu ez izatea oso euskalduna dela iruditzen zait.

Herria maite dugulako ez gara zoriontsu. Bossa nostra, horixe bera.

Denboraren Naufrago

Hartu soinua eta
martxan furgoneta
eman musu bat ama
Ingalaterrara noa.

Hor zihoan mutila
munduaren bila
bi begi bahitzailek
preso hartu zuten arte.

Hura neska polita
jarri nion zita
nire ingelerarekin
berri egin zuen gozo.

Gero batean irri
ta bestean zirri
holan joan zen uda
eta udarekin bera.

Zeharkatu ninduen
errekakoa omen
nigana ekarri ta eraman
zintuen urak
geroztik hemen nago
denboraren naufrago
zure oroitzapenetan bustia.

Maiteminduen udan
maitatu zintudan
zure olatuetan
ez nintzen alperrik galdu.

Agurren kostaldera
jo arren hiltzera
zure olatu guztiak
nire oroimenean daude.

Gaur nire bihotzean
kajoiren baten
hango argazkiak daude
ta musuak remitean.

Errua ez da dena
distantziarena
ez al da korrontea
urrundu egin gaituena?

Zeharkatu ninduen
errekakoa omen
nigana ekarri ta eraman
zintuen urak
geroztik hemen nago
denboraren naufrago
zure oroitzapenetan bustia.

Ze dino ba!

Ze dino ba! esaten omen dute Xabik eta enparauek lagun artean. Ze dino ba! esaten omen dute gustuko norbait kalean ikustean. Ze dino ba!

Zu Gabe

Gure aitona-amonak herriko etxetik baztertuenean bizi ziren. Handixeik egiten zuten garai batean mendiko bidean gora baserritarrek beren asto eta mandoekin. Goizetan, baserritarrek oholezko traskoak erantzi eta zapatak jazten zituzten gure aitona-amonen etxeko atarian, mezatara dotore joateko.

Amona haserretu egiten zen, esaten zuen ataria lokatzez betetzen zutela baserritarrek. Aitonak, aldiz, goizalban jaiki eta argitxo bat jartzen zien atarian, ilunetan ibil ez zitezen.

Neuk ere nahiko nioke argitxo bat jarri aitonari gure atarian, agertuko balitz goiz batean, gure bihotz oneko gizona.
Xabi Aburruzaga · xabi@aburruzaga.com Kontratazioa · management@aburruzaga.com Telefonoa · +34 608811200