|
Berria (16-10-2009)
|
Back
|
|
Musikalagoa eta modernoagoa
|
Trikiti disko berritzailea osatu du Aburruzagak, beste herri batzuetako doinuak eta tresna estandarrak tartekatuta
Nork bere ahotsa duenez, trikitilari bakoitzak bere soinua duela uste du Xabi Aburruzagak (Portugalete, Bizkaia, 1978). Eta trikitiaren mundu horretan berezko ahots izan nahi du, berezko sonoritatea. Intentzio horrekin ondu ditu
Denboraren naufrago diskoan jaso dituen piezak (Elkar). «Oso estilo markatu eta identifikatuak daude trikitiaren munduan, disko bat entzundakoan berehala dakizu norena den lan hori». Bada, estilo horietatik urruntzen saiatu da Aburruzaga. «Diskoa entzutean jendeak hau nor da? galdetzea nahi dut».
Izan ere, azken urteetan egin diren trikiti diskoek aurrekoekin lotura estua dutela dio Aburruzagak, «ekarpena egitea falta izan zaiela iruditzen zait». Diskoa egiteko garaian, horrenbestez, asmo sendoa zuen Aburruzagak: «trikitia eremu berrira eraman nahi nuen». «Ez dakit lortu dudan, diskoa entzundakoan esango didazue», ohartarazi du, nolanahi ere.
Azaletik bertatik hasita da berritzailea diskoa. Aburruzaga bera ageri da, ile gogortzaile askorekin, eta jaka dotorea jantzita. «Bistakoa da ez naizela egunero hala janzten, okasio berezietan bakarrik», txantxa egin du musikariak. «Trikitiaren mundutik nator, baina disko hau musikalagoa da, eta hori adierazteko, itxura modernoagoa eman nahi nuen», azaldu du; «trikitiaren mundua tradizionala da, eta nik izugarri miresten dut, baina kanon horietatik atera nahi izan dut». Bai estetikari dagokionez, baita musikari dagokionez ere.
Hala, folkarekin lotura estua duten tresnekin batera jo du trikitia diskoan, alegia, mandolinarekin, panderoarekin eta albokarekin, esate baterako. Baina, horretaz gain, tresna «estandarragoak» ere sartu ditu diskoan, hala nola gitarra elektrikoa, biolina, flauta, biolontxeloa, baxua, bateria, pianoa...
Denboraren naufrago diskoan, hortaz, soinu paisaia berriak arakatu ditu.
Musikari askoren laguntza izan du horretarako. Igor Telletxeak (bateria), Irkus Ansoategik (panderoa), Alberto Rodriguezek (gitarra eta mandolina), Igor Peñak (baxua), Xabi Zeberiok (biolina), Jose Urrexolak (flauta, whistle-a eta ewi-a), Josu Salbidek (alboka eta zapatak) eta Aburruzagak berak (trikitia) interpretatu dituzte diskoan bildutako hamabi abestiak. Ez dituzte bakarrik eman, ordea. Abestirik abesti gonbidatu ugari izan dituzte, tartean, Iñigo Egia (perkusioak), Jon Piris (kontrabaxua) eta Pello Ramirez (biolontxeloa).
Joseba Tapiak, Mikel Markezek, Urbil Artolak eta Amaia Orexak abestu dituzte letra duten bi abesti bakarrak:
Denboraren naufrago eta
Ezkontza behartua. Gainerakoak instrumentalak dira. Aburruzagak konposatu ditu denak. Eta bakoitza munduko txoko batean kokatu du. Belfast, Portugalete, Dublin, Lonbardiako Comoko lakua, Sopelako hondartza... eta beste hainbat toki ageri dira diskoan, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak.
Beraz, «kanpoan ere entzuteko diskoa» osatu duela pentsatzen du musikariak. Izan ere, kantuak toki horietan inspiraturik daudela azaldu du, eta doinuek, hortaz, hango musikekin zerikusia badutela esan du. «Toki batzuetan egona naiz, beste batzuk, berriz, imajinatu egin ditut». Edozelan ere,
Breakfast in Belfast kantak zeltiar kutsua du; eta
Chichen Itzá-n, mexikar doinuak gailentzen dira.
Diskoak dakarren liburuxkan, abestietan oinarritutako marrazkiak egin ditu Igor Zorrozuak. Kirmen Uribek, aldiz, testuak idatzi ditu bakoitzak iradokitakoaren arabera.
Chichen Itzá-n, adibidez, Aburruzagari gertatutakoa kontatu du. Mexikora joatekoa zen trikitilaria. Bidaia egingo zuen egun berean, baina, azterketa jarri ziotela konturatu zen. «Azkenean ez zen Mexikora joan [...] Ez dakit azterketa gainditu edo suspenditu zuen. Mexiko imajinatzen, ordea, ezingo zuen nota hobeagorik atera».
Back