Xabi Aburruzagak (Portugalete, 1978), txikitatik izan du argi bere pasioa musika dela. Solfeoa ikasten hasi zen 7 urterekin, eta urte bete beranduago pianozko eskusoinua jotzen hasi zen.
Musika tresna honekin hainbat sari irabazi ostean, soinu diatonikoarekin hastea erabaki zuen. Bere aitak Rufino Arrolarengana eraman zuen, eta Andrakatik musika tresna berriarekin besapean alde egin zuten. Egun horretatik gaur egun arte ez da trikitixatik banandu. Irkus Ansotegi bere panderojolearekin batera, Bizkaiko bikote aktiboenetako bat osatzen du. Trikitixaren maisu eta musika estilo ezberdinen jarraitzaile sutsua izan arren (folk, world, jazz eta batez ere fusioa), 1999. urtera arte ez zen bere konposatzaile sena ezagutarazi. Urte hartan lehenengo maketa kaleratu zuen, berak konposaturiko lau piezarekin eta kritika onak jasoaz.
Urte bete beranduago, Karmelo Ikastolako kantua egin zuen, hura konpaktu batean kaleratuz.
2001 eta 2002. urte artean, TRIKILEKU trikitixa eskola martxan jarri zuen. Gaur egun eskola honek, Bizkaia osotik sakabanaturiko ehunaka ikasle dauzka.
2002. urtean Bermeoko jaien kanta egiteko enkargua jaso zuen. Honen ondorioz, "Egunaro egunaro kalien" diska kaleratu zen eta bertan Mikel Urdangarin, Joseba Tapia edo Iñaki Aurrekoetxea bezalako musikarien laguntza izan zuen.
2004an, Fredi Paia eta Alberto Rodriguezekin batera, Ibilaldiko kanta konposatu zuen. Bertan ere lagun askok parte hartu zuten: Oreka TX, Roberto Moso, Eñaut Elorrieta, …
2005ean "Bizkaiko Trikitixa" partitura liburua kaleratu zuen; Bizkaiko trikitilarien piezak jaso zituen, denboran mantentzeko esperantzaz.
2006. urtean "Bizkaiko Trikitixa" diskoa izango zenaren lehen urratsak eman zituen; lan hau Euskadiko zein atzerriko konpromisoekin uztartzen zuelarik.
2007an "Faustino Azpiazu Sakabi" liburuan, trikitilari honen piezen transkripzioak bildu zituen. Bitartean, "Bizkaiko Trikitixa" diskoan aurrerapausoak ematen jarraitu zuen. Lan honen bidez, eta tradizioa abiapuntutzat hartuta, trikitixa zabaltzen eta musika modernoagoa egiten saiatu da. Proiektu honetan ere hainbat lagunen laguntza izan du: Mikel Markez, Amaia Oreja, Leturia, Xabi Zeberio ...
2009an argia ikusi du Xabiren azken lanak, "Denboraren Naufrago" diskak. Azken urteetako konposaketa eta kantu propioak bildu ditu musikari honek lan honetan. Proiektu honekin Xabik irudimenezko bidaia batean murgiltzera gonbidatzen du entzulea, bere bizitzako pasarte eta leku esanguratsuenek iradoki duten musikaren bitartez. Kanten lagun, Kirmen Uribek idatzitako testuak izango ditu irakurgai entzuleak.
Disko honetan biltzen diren doinuekin hainbat kontzertu eskaini ditu Portugaleteko trikitilariak. Besteak beste Ortigueira, Mendebala eta Getxo Folk-eko jaialdietan parte hartu du. Bikote modura bere musika moldatuz ere, taldeko Jose Urréjolarekin batera, hainbat emanaldi eskaini ditu, hala nola Québec-eko "Carrefour mondial de l´accordéon" eta Euskal Herrian ospatzen den Nazioarteko Trikitixa Jaialdian.
Bere jaioterrian ere kontzertua eskaini zuen banda osoarekin batera berak konposatutako jaietako abestia kaleratu ostean ("Sartu da jaia Portura"). Proiektu honetan Euskal Herriko hainbat musikari eta abeslari izan zituen lagun (Natxo de Felipe, The Uski´s, Rufo eta Endika Lahaine, ...).
Orain Zamudioko herriarentzako disko bat prestatzen dabil. Bertan herrian betidanik abestu izan diren kantak bilduko dituzte eta Xabi, bere taldeko musikariak eta gonbidatu bereziekin batera Zamudioko biztanleek ere parte hartuko dute.
· · ·